Otsailaren 9an 17:30etatik 19:00etara “Natura hezkuntzarako oinarri” izenburupeko mahai-inguruarekin Landarlan Ingurumen Elkarteko Garazi Auzmendi, Kutxa Ekoguneko Irati Andoño Erdozain, ESKOLAK NATURAN! Euskal Eskola Publikoko Mikel Atarrabi, Amaia Lopez Irakaslea, Basoeskola formakuntza ikasketen ikuspegitik eta Ziortza baso-eskolako kideak datoz, besteak beste.
Aurtengo guraso eta hezitzaileentzako hitzaldi-zikloari hasiera emango diogu honekin eta denok etortzera eta parte hartzera gonbidatuta zaudete.

Naturarekin interakzio zuzena duten haurrak erlaxatuago bizi direla dio Heike Freire psikologoak (Berdean hezi liburuaren egileak) eta adimen abstraktua, afektibitatea, gaitasun sozialak, autoestimua, enpatia… garatzeko lagungarri zaiela.
Eskoletako curriculumek ere bere gain hartu dute naturarekiko harremana eta ezagutza transmititzeko ardura, baina gaur egun oro har ikasgela barruan egiten da transmisio hori eta kontzeptu asko eman arren, ikasleari abstraktuak egiten zaizkio, ez dituztelako errealitatean ikusten, ukitzen, usaintzen, probatzen, ikertzen eta esploratzen.
Eskola ez dadila izan inguruarekiko isolatuta dagoen irla, izan daitezela kanpoaldea eta ingurunea ere ikasgela, eta ingurune horrek izan dezala berdetik.

Ez galdu honen inguruan hausnartzeko aukera!
Noiz: otsailak 9, asteartea, 17:30-19:00
Non: Fadurako areto nagusian, Algorta
Norentzat: guraso, hezitzaile eta gaian interesa duen ororentzat (euskaraz)
Hitzaldia doan da eta haurtzaindegi-zerbitzua egongo da baina izena eman behar da, hurrengo formularioa betez edo 622 433 085 telefonora deituz.