Talde argazkia

Larunbat goizean Bazen behin taldeko kide batzuk bildu ginen kurtso honetako azkenengo saioaz gozatzeko. Ezer baino lehen Dorletak aurreko saioa amaitzean bakoitzak esandako hitzekin sortutakoa kontatu zigun:
” Amonak oparitutako kutxa ikusten zuenean, arbasoekin bidaian zihoala sentitzen zuen. Ostadar koloreko kutxa irekitzea, bere haurtzaroari leiho bat irekitzea zen. Barruan gordeta zeuden amonaren irribarrea, mimoak, babesa… Zapatu goiz hartan ere, kutxa hartu eta eskerronez ireki zuen, bere emozioen sarea ehuntzen jarraitzeko prest, parean entzuten zituenengan arrastoa utziko zuen itxaropenez. Zapatu on!”

Saioarekin hasteko “Nola zatoz?” galdera erantzuteko jaki bat esan behar genuen, besteak beste marrubia, hummus, intxaurra, pipermina, flana, mahatspasa, laranja eta kafea.

Ezagutzen duzue Dixit jolasa? Dorletak parte hartzaile bakoitzari dixit-eko karta bat eman eta zera proposatu zion: Ipuintxo bat sortzea, irudi horren atzean dagoen istorioa kontatu edo irudia abiapuntu hartuta, edo irudiko elementuak ipuin batean txertatuta. Hitz jokoa, erlojuak, Hodei, Kristalezko bola, zaldiko maldikoa, Izar, munduko agintariak, generorik gabeko erreinua, Petri eta Izadi egon ziren gurekin.

Amaitzeko hitz bat: Islada, korapiloa, hostoa, jolasa, arraintxoak, argidura (Argia+ardura), etzumean (entzuten duen umea), jira-bira, haizea, entretenimendua eta koloreak.

Irailean elkartuko gara berriro ere Bazen behin taldeko kideak, suerte apur batekin elkarri besarkada handi bat emateko aukera izango dugu, ordura arte, zaindu!