Josu Lartategi izan genuen atzo geure Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoko solasaldi berezian. Romoko Nagusien etxean bildu ginen, otsailaren 10ean hain zuzen ere.

Solasaldi berezi honetan Getxoko euskaltegietako ikasle eta irakasleak, eta zenbait berbalagun elkartu ginen. Guztira 20 irakurzale bildu ginen Romoko Nagusien etxean.

Kanadaren eta Estatu Batuen arteko baso zabal eta ilunek sekretua gordetzen dute. Nor da Pinky pailazoa? Nola desagerrarazten ditu ume bakartiak? Zer da, bahitzai lea ala hiltzailea? Zergatik egiten ditu halako gaiztakeriak? Richard Smith inspektoreak pista bat du, eta pista horrek Euskal Herrira eramango du. “

Josuk bere liburuaren aurkezpena egin zigun; istorioaren pertsonaiak, ideiak nundik hartu zituen, kokapena… baina gehiegi kontatu gabe zenbait irakurzalek oraindik amaitu gabe baitzuten “Pinky Pailazoa” eta spoilerrik ez egiteko ahalegiten ibili zen Josu.
Egileak bertaratutakoei liburuaren nondik norako guztiak azaldu zizkigun eta istorioa hau sortzeko nundik inspiratu den edota zerk eragin zion ere aitortu zigun.

Irakurgai mailakatuko liburu hau sortzerakoan egin behar izan zituen bertsio desberdinen inguruan aritu ginen, ez baita erreza 50 orritara mugatzea istorioa bat– Josuk aipatu zigun bezala.
Gainera, Pinky Pailazoaren lana, audio-liburu batekin dator, oso erabilgarria eta profesionala den kontaketarekin.

Solasaldiaren amaieran bertaratu zirenentzako sorpresatxu bat zuen Josuk 😉
Etxean zituen altxortxu batzuk ekarri zituen bertaratuen artean zozketatzeko. Berak argitaratu dituen: Otsoa, Siberiako lorea, Geminiko Nebulosa, Lamia, Balea eta beste zenbait liburu oparitu zituen Josuk.
Ikasleak poz-pozik joan ziren, solasaldiaz gozatzearekin bat etxera irakurtzeko oparitxo bat zeramatelarik.

Eskerrik asko Romoko Nagusien Etxeko Felix eta Rafari, solasaldi hau antolatzen laguntzeagaitik.!!
Eskerrik asko Josuri eta baita gure irakurzaleen txokora hurbildu zineten guztioi ere, giro ederra sortu genuen eta!

Argazkiei begirada bat eman nahi baldin badiezue, klikatu hemen:

https://flic.kr/s/aHsmLm9Gz5

Gorde dezagun agendan datorren UKITXen hitzordua:

Otsailaren 27an ostegunean, 19:30ean–  Algortako Villamonteko Kultur Etxean , Miren Amuriza izango dugu gurean, “ Basa” liburuarekin.