Jauzi egin genuen Hondarribian!

Nabari zen handia izango zela, Euskal Herri osotik etorritako mintzalagunak autobusetatik jaitsi orduko. Arraun elkartekoek Bidasoan gora etorrita Hondarribian festa piztu orduko. “Itxeki euskarari” paineluak jantzita, harro,  Abiyuan txarangarekin kalejiran hasi ginen unetik.

Harro gaude bidelagun eta bidelariek jauzi egin genuelako kalera, mingainari lotsa barik eraginez. Mintzalagunek eta Blagankideek elkarrekin jarri genuelako dantzan Hondarribia. Kalejira, bazkari, dantza, kontzertu, kantu artean harremanak estutu eta berriak sortu genituelako. Euskaraz bizi nahi dugulako elkartu ginen.

Euskaraz hitz egiteko egin genuen jauzi. Euskaraz gainditu genituen lotsak eta lotsa barik eman genion mingainari. Eta euskaraz gozatu genuen. Eta datorren urtean ere elkartuko gara mintza taldeetan, herriz-herri, auzoz-auzo. Euskaraz ondo pasatzen segituko dugu eta elkarrekin emango dugu kalean, etxean, lanean euskaraz mintzatzen hasteko jauzia.

Euskaraldian horretarako aukera bikaina izango dugu, azaroaren 23tik abenduaren 3ra.  Beste milaka belarriprest eta ahobizirekin egingo dugu jauzi, euskaltzale guztiok batuko gaituen erronka batean. 11 egunez, euskaraz arituko da Euskal Herria!  Herri, auzo, familia, lantegi askotan euskaraz aritzen hasteko lehen pausoa izango da. Bidean aurrera jarraitzeko. Jauzi handi bat emango dugu elkarrekin, kalean ere euskaraz bizitzeko!

Besarkada bero bat  Hondarribian saltsan ibili zinetenen mintzalagun, berbalagun, mintzakide, solaslagun eta solaskide guztiei. Mundialak zarete! Blagankideei, berriz, eskerrak bidelagun finak izatearren.

Datorren urtean ere izango dugu zer ospatu. Bitartean jarraitu dezagun jauzi egiten!