Hona hemen bizikleta-asteburuko kronika, Pottoki marmartiak egindakoa. Eskerrik asko, lagunok, eta uztailaren 1ean bizikleta txangoa izango dugunez, bada, bertan elkartuko gara berriro.

Asteburu pasa kostaldean 2017ko ekainean

Aurten eguraldiaren menpe ibili gara, eta ekainean, berriro ere, atzeratu behar izan genuen txangoa. “B” plana arin-arin antolatu genuen aitzaki horrekin, kostaldera jo eta lagun artean asteburua pasatzeko.

Alportxak hainbat hilabetez gordeta eduki ondoren, gogo handiz atera nituen armairutik. Txakurrarentzako motxila, ordez, ez nuen hain gogo handiz prestatu. Gero eta zailagoa egiten zait edonorekin uztea.

Larunbateko lehen hitzordua Itsas Museoan genuen, bertan Koldo, Izaskun, Txaber eta laurok elkartu ginen, eta Getxora jo genuen BI711 errepidetik, egunen batean bidegorri ederra izango duen ibaiertzetik.

Faduran ez zegoen inor, gure Aitor goizeko ordu txikitan idatzi zuen ez zela etorriko esateko, beraz, Sopelara egin genuen, Xabi handik ibili zen gure zain 10 eta erdiak arte. Ordurako eguzkia gogor jotzen hasita zegoen eta 80 km egiteke genuen. Nire goizeko “potito”a bukatzen nuen bitartean, negoziazioari aurre egin nion eta kostaldetik ibili beharrean, Mungiatik igarotzea erabaki genuen, indarra aurrezteko.

12ak aldera lehen geldialdia egin genuen, haragijaleek urdaiazpikoz eta gaztaz bete zuten sabela eta pena handiz utzi genuen tabernako mahats-parra eta bertan zegoen Izotz izeneko txakurra. Haragijaleok, hildako animaliaren haragi lehorra jatea nahikoa ez balitz legez, ogia ere lapurtu zuten tabernan. A ze lotsa!

Hamaiketakoa

Bidea berriro hartu, eta berehala lehen baja izan genuen gure tropel txikian: Xabi etxera itzuli zen Gerekiz aldetik. Handik gutxira, Gernikan, Koldok hartu zuen bueltako trena. Gernikatik Lagara abiatu ginen gainontzeko hirurok, hondartzan bazkaria eta atsedena hartzeko. Bidean, baina, zurito bana hartzeko geldialdia egin genuen, bero handiak eta maldetan gora ta behera ibiltzeak izugarrizko egarria eragin ziguten eta. Beste geldialdi bat egin genuen Arteaga Jauregia bisitatzeko asmotan, baina kanpotik ikusi behar izan genuen, itxita baitzegoen (ezkontzak bolo-bolo). Bazkalordua eta gu bidean oraindik!

Arteagako jauregia

Hirurak aldera iritsi ginen Lagara. Hondartzak hutsik zegoela ematen zuen baina inguratu ginenean lanpernez beteta zegoela ikusi genuen. Txiringitoan, entsaladaren zain ordubete itxaron behar izan genuen, eta gero eguzkitan jan. Di-da batean erre egin ginen, gainera bandera gorria zegoen eta soroslea uretatik ateratzeko esanez etorri zitzaigun. Gure bizitza salbatu bai, baina txonboa zapuztu ere egin zigun.

Eako portuan

Berriro ere txirringen gainean, azken 20 km-ak Lekeitioraino patxadaz hartu genituen. Ea herria zeharkatu genuen eta azken atsedenaldia bere portu xarmagarrian egin genuen. Handik, zuzen Lekeitioko Trinkete aterpetxera. Nire eguna ez zen, argi dago: olio botilatxoa irekita zegoen nire alportxa barruan. Hura bai desastre! Gelako zorua eta nire gauzak distiratsu utzi nituen eta afaltzera atera ginen.

Giro ederra zegoen kalean, baita afaldu genuen tabernan ere. Ederregia, egia esan. Oso ondo jan genuen Txaberren lagunaren gomendioari esker, baina musika eta haren bolumena…! Regetonen gainean, pom pom potopom, jendearen ahotsak, ozen eta etengabe. Menditik kalera, kontraste handiegia niretzako egun horretan. Afaria irentsi eta lotxoko lasai baten bila atera ginen. Portuan geundela, ilargi bete-betea, hori eta handi agertu zen mendien atzetik eta horren konpainiaz itzuli ginen aterpetxera, lotara. Bidean, hori bai, izozki bat jan behar, hondartza eta izozkiaren lotura tradizionala ez apurtzeko.

Kostaldean bizikletaz

Igandean kostaldeko errepideak jarraituz, gora eta behera, Ondarru, Mutriku, behean behelainoa eta goian oskarbi, Debara iritsi arte. Deba herrira sartu barik, hondartzako txiringitoan hartu genuen hamaiketakoa. Baina txiringito giputxi batean, elegante-elegante, “chill out” egiteko modukoa. Gipuzkoa is different J. Handik Zumaiara, di-da batean, indarra berreskuratuta, eta han itsasoari begira bazkaldu genuen. Ramadan erdian gaude eta hauek urdaiazpiko egunero… Infernura joango gara guztiok, ni ere konplize gisa! Tira, merezi dugu!

Zumaian bizikletaz

Bazkaldu ostean hartu nuen Bilborako trena; Izaskun eta Txaber utzi nituen beste izozki baten bila, Zarautzeraino heltzeko energia gehiago behar omen zuten eta.

Trenean, argazkiak begiratzen eta kronika idazten ari nintzela, betiko nostalgia etorri zitzaidan. Uda osoa aurretik daukagu, baina. Zenbat malda eta zenbat izozki oraindik!