Ekainaren 8ko arratsalde lainotuan lotuta geunden Anarirekin, Egizuk antolatzen zuen lehenengo solasaldi musikatuan. Berarekin batera “Moñi” eduki genuen elkarrizketatzaile lanak egiten. Konturatu ginenerako Azebarri kultur gunea beteta zegoen eta aulkirik ez bertaratu ginen guztiontzat… seinale ona.

Adin guztietako Anari zale, melomano eta euskaltzaleak batu ginen aipatutako kultur gunean, aspaldian elkar ikusten ez genituen lagun eta ezagunak ere bai.

Aretoa beteta, 90 lagun pasata, hasi zen elkarrizketa. Moñi, bere lehenengo elkarrizketa izanda, urduri, galderak botatzen hasi zen. Elkarrizketa landuan zehar, tarteka, abestiak jo zituen Anarik eta bertaratutakoen txalo zaparrada eta berotasuna jaso zituen.

Bukaeran, nola ez, ikusleen artean zegoen Mobydick agertokira gonbidatu zuen Anarik. Biek aretoa isilarazi zuten eta solasaldiari sekulako amaiera eman zioten.

Solasaldia bukatuta, bai Haziakeko neska feminista gazteak eta baita Egizuko euskaltzaleok oso pozik geratu ginen eta bigarren solasaldiari bueltak ematen hasi ginen. Nork daki hurrengoan gurean nor egongo den… proposamenak entzuteko prest gaude.

Agur baino hurrengorarte esango dizuegu eta mila esker zuen presentzia zoragarriagatik.

Ondo segi