VI. argIHIzkiak lehiaketa prest

VI. argIHIzkiak lehiaketa prest

VI. ArgIHIzkiak lehiaketa martxan dugu Hiruka komunikazio taldeak eta Egizuk, eta parte hartzera gonbidatu gura zaituztegu. Uribe Kostako 10 argazkilariren lanak proposatzen dizkizuegu, eta horietan oinarrituta testu laburrak aurkezteko epea zabalik duzue maiatzaren 2tik 31ra arte.

Maila bi eta atal bi dauzka lehiaketak: batetik, mailak adinaren araberakoak dira, batez ere gazteenek euskaraz idaztea sustatzeko asmoz; bestetik, atalak testuen luzeraren araberakoak dira (100 berba gehienez eta 160 karaktere gehienez).

Seigarren ekitaldi honetarako euren argazkiak helarazi dizkiguten Uribe Kostako (edo berton bizi diren) argazkilari profesionalak edo zaleak ondoko hauek dira: Eukene Olague Fullaondo, Jon Bernárdez Losada, Paula Odriozola Ruiz, Alex Ygartua Fernandez, Sandra Amutxastegi Bouza, Gilles Bourdoiseau Lanser, Eider Álvarez Puras, Jon Herranz Hernandez, Carla Pruns Ruiz eta Endika Basaguren Ansoleaga. Barrika, Berango, Getxo, Leioa, Plentzia eta Sopelakoak dira argazkilariok.

Hurrengo eragileekin elkarlanean ari gara hau dena prestatzen: Uribe Kostako hainbat udal (Getxo, Leioa, Erandio, Gorliz eta Plentzia), zenbait euskara-elkarte (Bizarra Lepoan, Berbots, Leioako Berbaldun) eta eskualdeko horrenbeste institutu eta euskaltegi. Eskerrik asko hau posible egiten duzuen guztioi, eta anima zaitezte zuen testuak sortzen!

Argazkiak eta oinarriak argihizkiak.eus webgunean dituzue ikusgai. Testuak formulario honen bidez jasoko ditugu.