Otsailaren 14an Julen Nafarrate gaztea gurean izango da uda honetan bizitakoak kontatzeko.

Abentura berezia abiarazi zuen Nafarrate kazetariak, Atenasetik Euskal Herrirako bidea bizikletan eginez, bidaian zehar tokian tokiko sekretu gastronomikoak topatzeko asmoz, bertakoen sukalde barruraino sartuz. Hiru hilabeteetan Atenas eta Euskal Herria sukaldez sukalde eta horietako bakoitzak gordetzen dituen sekretuz sekretu lotu zituen kazetariak. ‘Izeko Mertxeren osagaien bila’ jarri zion izenburua proiektuari, hain zuzen ere bere Mertxe izebaren moduko emakumeak topatzeko asmoa baitzuen 3.000 km-tik gorako bidaian, eta bereziki hauen sukalderako gaitasunak ezagutu… eta dastatu. Proiektua Donostia 2016ko Biziz enbaxadaren baitan garatu zuen Nafarratek.

Erronka beteko zuen? Osagai guztiak lortuko zituen? Garabia deitu behar izango zuten?

Erantzunak jakin nahi? Badakizue, Otsailaren 14an Algortako kultur etxean itxoingo zaitugu 3 saioetan zehar:

Goizez 9:15/11:00 eta Arratsaldez 20:00

Esatea, emanaldi hau aurtengo KORRIKA KULTURALAREN barruan dagoen jardueretako bat dela. Aurtengo KORRIKA martxoaren 30etik apirilaren 9ra izango da, Otxandiotik Iruñera.

Anima zaitezte!