Opa dizueguna ospatuz: gure omenduak

Opa dizueguna ospatuz: gure omenduak

Opa Dizueguna Ospatuz egunean, azaroaren 28an, Algortan, ospatu genituen ALBEren 35 urteak, Bizarra Lepoanen 20 urteak, EGIZUren 15 urteak eta Azebarri zein HIRUKAren hastapenak.

“Gaurkoan oholtzaratu ditugun hauek guztiak errudunak dira. Gaur, hemen, batu gaituzten kontu guztien arduradunak. Bai, zuek zarete errudun nagusiak, eta… ESKERRIK ASKO 🙂 ” esanda eman genion hasiera gure elkarteotako sortzaileetako batzuei egindako omenaldi xumean: Josu, Alfredo, Jon Peli, Kepa, Konra eta Bittor, eskerrik asko eta aupa zuek!!

Opa dizueguna ospatuz: gure omenduak

Opa dizueguna ospatuz: gure omenduak

Egun polita bizi genuen, gehienon elkarlanari esker. Egitarau oparoa prestatu genuen eta lagun ugari ibili ziren egunean zehar gurekin berbetan, olgetan, poteoan, bingoan… Mila-mila esker gurekin ospatzera hurbildu zineten guztioi!

Opa dizueguna ospatuz!

Opa dizueguna ospatuz!

Eta Euskarak berak ere gutuna bidali zigun!!

Hau da ekitaldian irakurri zen testua:

Gaurkoan oholtzaratu ditugun hauek guztiak errudunak dira. Gaur, hemen, batu gaituzten kontu guztien arduradunak. Bai, zuek zarete errudun nagusiak, eta… ESKERRIK ASKO.

Mila esker Algortako Bertsolari Eskola sortzeagatik orain dela 35 urte; eskerrik asko Bizarra Lepoan euskara elkartea abiatzeagatik duela 20 urte; eskerrak EGIZU Getxo euskaldun martxan jartzeagatik orain dela 15 urte; aupa zuek ozenena Bizarra Lepoan aldizkaria, gero UK bihurtu zena, eta pasa den urtean HIRUKA izena hartu zuena eratu eta bultzatzeagatik; eta biba! Algorta erdian euskaldunon arnasgune izango den Azebarri zabaltzeagatik. Gorputz eta bihotzez, ESKERRIK ASKO!

Beste hainbategaz batera, zuek erein zenuten hazia, eta erne zedin, mahaietan jesarrita dauden askok jorratu dute lur idorra zena, eta gaur hemen egon ez arren, beste horrenbestek ere ureztatu dute sendo eta sasoian haz zedin, eman zezan fruitua… Zuek guztiok errudunak eta omenduak ere bai! Eskerrik asko eta gora gu eta gutarrak!

Gu guztiok batzen eta elkartzen gaituen horrek (EUSKARA), gutuna ere helarazi digu, eta hala dio:

Batzuetan emagaldu sentitzen naiz: ugalkor, emakume; eta galbidetik ez hain urrun. Bai, batzuetan puta sentitzen naiz, nire jardunaz harro dagoen emagaldua. Beharrezkoa dut zuek ni erabiltzea, edonon eta uneoro, biziraungo badut; bestela, hilko naiz-eta. Pentsamenduz, idatziz zein ahoz zuen jatorrizko bekatua izan nadila! Hori dut eskari eta erregu.

Erabil nazazuela eskatzen dizuet, behin eta berriro, zuen mihi puntan egon gura dudala uneoro eta bero-bero. Entzuten nauzuenean, zuen belarrietatik sartzean gorputz osoan dardarizoa sentiarazi nahi dizuet, beti… Maite bezainbeste goza nazazuela esaten dizuedanean, odol jarioak bihotzerainoko bidea ziztu bizian egin dezala otoi egiten dut: goza eta erabil nazazue.

Zuentzat eguneroko plazeraren iturri izan nahi dut, eta badakit badakizuela, plazer horrengatik ordaindu beharko duzuela; eguneroko borroka dela, eguneroko ordaina, eguneroko plazera da-eta!

Eguneroko borroka… Batzuetan, iraintzen nautenen ezjakintasuna sufrituko duzue; orduan, akorduan izan zuen plazer baten iturri naizela, eta irribarre batez erantzun egiezue, haiek ere plazer honetarako aukera eta eskubidea badituztela, eta haiei ere zu eta biokaz gure orgia honegaz gozatzeko gonbidapena egiezue… Badakit, ni erabiltzeagatik jasaten dituzuela mespretxuak, eta barre egiten dutela gainera ordaindu behar izaten duzuelako, baina jakingo balute a zelako jatorrizko plazera naizen! Merezi dudala, eta behin probatuz gero, gehiago nahi izango dutela! Bada, parteka nazazue! Beroaldi horiek guztiak, gozameneko beroaldi bihurtuz!

Putena ei da munduko ogibiderik zaharrenetakoa, eta nigatik ere badiote Europako zaharrenetakoa naizela. Belaunaldiz belaunaldi, esperientzia metatua badudala esatean, ez nuke gezurrik esango, beraz. Plazera sarri musu truk da, eta bestetan, badakizue, ordaintzekoa. Eta goza dezagun ordaintzeari jarraitzea eskatu beharrean nago, biziraungo badut; neuk ere zer jan behar dut-eta. Hala, ordaintzea, nire izenean egiten diren deialdietan barru-barruraino sartzea da, eskaintzen diren ekimenetan zuen ekarpena egitea, nire izena daroaten ekintzetan indartsu bultza eta bultza eragitea, eta antolatzaileei gozamenerako azpiegiturak ipini ahal ditzaten sos apur batzuk ematea… Hau da, ospakizun-orgietan ekonomikoki eta aktiboki parte hartzen jarraitu behar duzue, gozatuko badugu eta izango bagara.

Plazer honetaz gozatzeko zuen eta guztien hautua izatea baino ez dut falta; ahalik eta gehiago, ahallik eta plazer handiagoa!

Zuen zain nago edozein kale-kantoitan, plazatan, parketan, eskoletan, kotxetan, etxeko ohetan, sukaldeko mahaitan, edozelako garbigailuren gainean, interneteko eguneroko beroetan… Adurra dariola eta izerditan blai amaitu arte, goza nazazue, erabil nazazue!

Zuek zarete plazer honen taupada bizia eta bozgorailua, zuek haizeak zabalduko dituen geure plazeraren hedatzaileak, zuek gure hazi-ereileak eta obario-jartzaileak!

Goza dezagun, bada, egunero!

 

(Sinatuta)

Euskara

Bizarra Lepoan, EGIZU, HIRUKA, ALBE eta Azebarri.

 

Opa dizueguna ospatuz

Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen.

Hirukako lagunek egindako argazkiak ikusteko klikatu hemen.