Topa-eguna-kartela-2015-behin-betikoa-web

Aurten Lasarten dugu hitzordua, urriaren 17an. Laugarren urtez ospatuko dugu TopaEguna, aurreko urteetan Azkoitia, Soraluze eta Deriotik pasa ondoren. Lasarte-Oriako TopaEgunak izango ditu berezitasunak, aurreko edizio bakoitzak bereak izan dituen modura. Ttakun Lasarte-Oriako euskaltzaleen elkarteak antolatzen duen Euskal Jaiarekin egingo du TopaEgunak aurten bat eta beraz, herritarrek sortu ohi duten jai giro horrekin bat egingo dugu Euskal Herriko beste txokoetatik bertaratuko garen euskaltzaleak.

Urtero modura, jai egun parte hartzaile eta gozagarria izatea nahi dugu Topa Eguna, mugimenduko kideen topagune izango dena, jaia eta ospakuntza oinarri izango dituena. Gainera, guzti horri edukia ere gehitu nahi diogu, ideia eta egitasmoen elkartrukerako eguna izan dadin.

Euskaltasunaren aldarria egin eta euskaraz bizi nahi duen ororen jaia izatea nahi dugu. Eta horretarako, esan bezala, Lasarte-Oriako Euskal Jaiarekin bat egin dugu eta egitarau erakargarria antolatu dugu:

Egitaraua

  • 9:30-10:00tan Diana
  • 11:00-12:30 Mugimenduko kideen esperientzien Trukegunea (Mirentxuenea Kultur Etxean)
  • 11:00-13:00 Kantu Jira Txikia (Zumaburutik Okendora)
  • 13:00tan Ongi etorri! Ekitaldia (Okendo Plazan)
  • 14:30 Herri bazkaria (Okendo Plazan /frontoian euria balitz)
  • 15:30-14:30 Haur eta gaztetxoentzako jolasak (Okendo plazan)
  • 16:30 Topa Egunaren ekitaldi nagusia.
  • 17:00 Irrien Lagunen “Ane eta       Piratekin” ikuskizuna (Okendon)
  • 18:30-19:00 Txaranga (Okendon)
  • 19:00-21:00 Erromeria. “Eztengiro” taldearekin (Okendon)
  • 20:00… Triki poteoa eta pintxo potea herritik zehar

 

Bazkarirako txartelak

Salgai daude jadanik bazkarirako txartelak 8 euroren truke.

Eguraldi ona eginez gero Okendo plazan egingo da eta eguraldia okertuz gero frontoian. Topa Eguneko bazkarirako 300 tiket jarriko dira salgai. Lasartearrek herrian bertan eskuratu ahal izango dituzte txartelak, Ttakun elkartean edo herriko hainbat tabernatan. Gainontzekoentzako Topagunearen webgunean daude salgai.

 

Euskal jaiarekin bat

Lasarteko Euskal Jaiarekin bat egin dugu eta hori dela eta, tokiko ohiturari jarraituz, baserritar jantzita joatera animatu nahi zaituztegu. Lasarteko Euskal Jaiaren pasaia eta giroarekin bat egiteko.

 

Aurreko astean ere

Aurten TopaEgunaren egitaraua aurretik hasiko da baina. Urriaren 17a baino lehen bi ekitaldi izango dira Lasarte-Orian.

Urriaren 12an, astelehena, Ramon Agirre eta Inazio Tolosak “Kokakola eta barea” ikuskizuna eskainiko dute. Antzezlanean Ez Dok Amairu euskal kantagintzaren historian mugarri izan den mugimenduaren gaineko istorioa kontatzen dute Agirre eta Tolosak. Urriaren 12an arratsaldeko 7etan Lasarte-Oriako Abend Garagardotegian.

Urriaren 14an, asteazkenez, mahai ingurua antolatu da Lasarte-Orian bertan. Topalabea taldeak osatutako eta maiatzean argitaratu den “Berrikasi eta berrikusi” dokumentuan izango da aztergai mahai inguruan, eta saio honekin ekingo zaio hurrengo asteetan Euskal Herriko hainbat eskualdetan antolatutako hitzaldi eta mahai-inguru zikloari. Mahai inguruan Topalabe taldeko Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Lunak parte hartuko dute, Soziolinguistika Klusterreko kide den Pablo Suberbiola lasartearrarekin batera, Iñaki Arruti arituko delarik gidari modura.