Alforjeroak Urduñan

Alforjeroak Urduñan

Ekainaren 6 eta 7an bizikleta-asteburua izan genuen, eguraldi ederra Araban zehar ibiltzeko. 34 lagun elkartu ginen eta bi plan egon ziren, alforjekin etxetik abiatu zirenena eta kotxez Gasteizeraino joan ginenona. Hemen duzue alforjero taldekoen kronika, Izaskunek egindakoa. Ongi etorri eta eskerrik asko esango diogu Izaskuni, bere lehen irteera izan baita taldean, eta ohikoa denez kronikaren lana tokatu zaio.

Bilbo- Gasteiz –Bilbo

Bizitzak oztopoak jartzen dizkigu bidean, handiak zein txikiak, eta bizitza bizitzea oztopo horiek gainditzea da, besteak beste. Bi urte igaro ondoren, nire astoari berriro alportxak jarri eta bi egunetako bidaia egiteko aukera izan dut. “EGIZU bizikleta taldearekin irten gaitezke” esan zidan Martak, eta “zeintzuk dira hauek?” pentsatu nuen nik. Pentsatu eta egin.

Barrerillas euri lanbro artean igotzean, Ekuador gurutzatu nueneko bidaia hura etorri zitzaidan burura, hango giro umela eta eskuinean Cotopaxi sumendia ezkutuan zegoen ustea, ”hor nonbait dago” esaten genion elkarri. Azkenean txapela kendu zuen eta ikusi ahal izan genuen. Opari ederra.

Gasteizera hurbildu ahala, eginiko bidaia ezberdinetan bide gurutzeek sortzen duten nahasmena datorkit burura. Zenbat haserre, zenbat tentsio; Argentinan bide seinaleak apropos kendu zizkiguten konbentzimendua genuen, eta Grezian “Eλληνες” irakurri eta behin eta berriro mapari begiratu behar genion, ez baikenuen ezer ulertzen.

Gora eta behera Gasteizerako bidean, garia berde dago, uzta jasotzeko pare bat hilabete pasa behar dira. Gogoan dut etxetik irten eta Marrakeshera egin nueneko bidaia hura, zer nolako pisua alportxetan, baina zein polita paisaia, nolako usain eta koloreak, ze bero.

Eta bidaiek dakartzaten onena, bidaia-lagunak dira, zalantzarik gabe. Antoine Suitzarra Chiletik bueltatu ote zen? Jeff frantziarrak egingo ote zuen Ameriketako buelta? Anne eta Mario Ekialdeko alemaniarrek topatu ote dute paradisua? Edo eta Steve kanadarrak, bidaiaren bukaeran, bere errepideko bizikletari zenbat pintxazo konpondu zizkion? eta David, Ana, Unai, Aritz, Bego, Gema, Marta, Mireia, Iñaki…

Bizitza, bidaia bat besterik ez da, oroitzapenez beteriko bidaia alegia. Iraganak,orainak eta geroak topo egiten duten bide gurutzea.

Alforjeroen argazkiak:

Argazkien popurria, familiak eta alforjeroak: