Bizikleteroak zubian

Bizikleteroak zubian

2015eko apirilak 18

Astean zehar somatu da ardiek larrera joan nahi dutela, hasiera batean eguraldiaren iragarpena ez zen oso ona baina inork ez zuen zalantzan jartzen irteera egin egingo zela, martxoan txangoa ezin izan zenez egin, oraingo honetan bai ala bai.

Gari hain dago gogotsu ezen 09:17an Portugaleten dago zain, nahiz eta geratzeko ordua 09:30ak izan. Artzainak esan zuen orduan heltzeko eta nahiko ondo portatu dira ardiak, ustekabean Deriotik etorritako bat tartean. Beno, beti dago ardi beltz bat “mesedez itxaron pixkat, beste aldean nago!” esaten duena (uletzekoa da, Superflyren zain egon da azken momentura arte baina …). “Eta Gorka? Agian bidegorrian egongo da gure zain!”

Beno ba hasierako argazkia atera eta bagoaz, eguraldiak eguerdira arte errespetatuko omen gaituenez, arrapaladan aldapan gora giharrak berotzeko. Bidegorrira heldu gara, eta Gorka? Ba ez dago, aurrera orduan. Bidean ohiko “aspaldiko!”, “zelan oporrak?”, “zelako bizikleta, berria da?” eta gero, lehengo aldapa malkartsuak erraz gainditu ditugu. Aldapa gora ondo baina behera? Plasta! Lehen erorikoa! Negar malko batzuk ixuri eta minik ez duela dio, urratuak besterik ez, gizajoa azkarregi kendu ditu atzeko gurpiltxoak.

Hamaiketakoaren ordua hurbiltzen ari da baina ez da hain erraza izango, artzainak bide posible bi eman dizkigu aukeratzeko, ahobatez bietan gogorrena izan da irabazle . Gutxi batzuek lortu dute bizikleta gainean igotzea goraino, besteok mihia kanpoan eta oinak lurrean. Iturrian ur pixkat edan ondoren merezitako mokaduaren bila goaz. Kafesne, tortila eta ogi opil artean “buf”aren erabilera posibleak erakutsi dizkigute adituek: pasamontaña, pirata, txapela, burka…

Tropela tunelean

Tropela tunelean

Trumoi batzuk sumatu, euri tantak hasi eta tenperatura pixkat jaitsi denez pedalei eragitea pentsatu dugu. Paisaia biziki politak dauzkagu begi bistan: zulatutako mendi gorriak, animalia desberdinak landa berde artean eta artalde xelebre bat bizikleta gainean artzain-gidari-argazkilari batek gidatuta. Baina hiru edo lau tunel pasa eta gero artaldea beldurtu egin da ilunpetan eta urez beteta zegon azken tunelak itxura oso txarra zeukalako. Taldeko ausartena soilik abiatu da zulo beltzaren barrura. Besteok bide alternatibo bat hartu dugu ezkerretara, errazagoa zelakoan, baina … Artzainaren begiradapean, banan bana bide eztu, malkartsu, busti, harritsu, eta perretxikoz betetako batean behera abiatu gara eta bapatean: plasta! Eguneko bigarren erorikoa, argazkilari bat dago han goian baina ez du ezer harrapatu. Luzaketa batzuk egin, perretxiko “pozoitsuak” alde batera utzi, minik ez dagoela zihurtatu eta etxerantz euria dator eta.

Aldapan gora

Aldapan gora

Hurrengo irteera eguna?, ardi ausarta tunelean oraindik?, Superfly non dago?, … erantzunak laster email, watsap… bidez. Adi beraz!

Eskerrik asko Aritz kronikagileari eta David argazkilariari!!!