umeen-lekua

Bihar, otsailaren 3an, Zabala ikastetxean 17:30ean elkartuko gara umeek hirietan hartzen duten lekuaz entzun eta berba egiteko. Ttipi studioko lagunek proposatutako gaia jorratuko dugu, hiria berdeskubritzeko umeen begietatik. Gonbidatu bereziak izango ditugu: Eukene Fernandez Dobaran, Leioako Solasgunearen izenean dator, eta Mireia Baz eta Maialen Gorosabel Arrasateko Txatxilipurdi elkartetik. Saioa doan da, bakarrik eskertuko dizuegu aldez aurretik abisatzea: 685 73 29 63 – sendigetxo@yahoo.com.

Biharko saioaren hezurdura hauxe da:

Aurkezpena (15′)
Ttipi studioko kide batek ALGORTA [BER]DESKUBRITZEN programaren aurkezpena egingo du; honen helburuak, arrazoia eta saioak azalduaz. Ondoren hizlarien aurkezpena egingo da eta ostean mahai ingurua.

Umeak izan gaitezke hirian? (40′)
Eukene Fernandez Dobaran (Solasgune, Leioa)
Umeen eta hirien arteko erlazioa aztertzea aukera ona da hirien osasungarritasuna eta edonorren hazkunderako eskaintzen dituzten baldintzak ikuskatzeko. Umetasuna parametro gisan hartzeak balio digu, ezberdintasunen baldintzarik gabeko onarpenean oinarrituta, komunitateen erlazio-ereduak eta espazio fisikoak berriz konfiguratzeko.

Berramesten egitasmoa (40′)
Mireia Baz eta Maialen Gorosabel (Txatxilipurdi, Arrasate)
Haurren autonomia, harremanak, euskara eta espazioan oinarritzen da Berramesten egitasmoa. Hitzaldian, proiektu honen ibilbidearen inguruan hitz egingo dugu; Ludotekako paretak apurtzetik herria herritarrekin batera eraldatzeko eta eraikitzeko prozesu parte hartzaile batean murgildu da.

Galderak eta eztabaida (30′)

————————————————

Hurrengo hitzaldirako gonbitea ere egin nahi dizuegu:

“Gure ume txikien sexualitatea ulertzen”

Agurtzane Ormatza sexologoa
Zelan eraikitzen da umeen sexualitatea? Zelan bideratzen dute plazerra? Zelan doaz euren sexu identitatea eraikitzen?Zelango bideak daude gurasook umearen moduei laguntzeko? Zenbat gauza egiten ditugun hezitzaileok (gurasook zein irakasleak) umearen sexualitatearen garapena errazteko? Zelango oztopoekin aurkitzen gara?

Noiz: martxoak 10, asteartea, 17:30-19:00
Non: Zubileta ikastetxea (Izaro z/g, Algorta)
Norentzat: guraso eta hezitzaile euskaldunentzat
Haurtzaindegi-zerbitzua: doan (aurretik jakinarazi)
Izena eman: 685 73 29 63 (Lander) sendigetxo@yahoo.com

————————————————

Hazibideak ekimena
Sendi proiektuaren barruan, Hazibideak ekimena jarri genuen martxan 2013an. Gure helburua xumea da: atxikimenduaren teoria oinarri hartuta, errespetuan eta maitasunean oinarritutako hazkuntza eta harremana sustatzea, eta horren inguruan ikasi, hausnartu eta eztabaidatzea, euskaraz. Horretarako, bi atal lantzen ditugu: hitzaldiak eta familien talde sustatzailea. Parte hartu nahi baduzu talde honetan, esaiguzu, eta bilera ireki hauen berri emango dizugu.

SENDI proiektua
Egizu elkartearen proiektu hau orain dela 9 urte sortu genuen, Getxoko Udalarekin batera, 0-12 urte bitarteko familietan ere euskara sustatzeko. Horretarako, tailerrak, ikastaroak, txangoak, hitzaldiak, Olgetan euskaraz eta beste hainbat ekimen antolatzen dugu urtero.

EGIZU elkartea
15 urte daramatzagu Getxon euskararen ezagutza eta erabilera sustatzen. Horretarako,hainbat proiektu ditugu martxan: berbalagunak, kirola, gazteak, literatura, nekazaritza ekologikoa, beharsarea.net, Sendi…
Getxoko 3 euskaltegiek eta Bizarra Lepoan euskara elkarteak osatzen dute Egizu, eta Getxoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dugu.