argIHIzkiak lehiaketa: 10 argazkien testu irabazleak eta bi onenak

Alfredo Aldai

Alfredo Aldai

1- Alfredo Aldai

Labur-laburra:
“Itsasoan olatuak, herenegun, atzo…
Itsasoan olatuak, gaur, bihar, beti!
Haiei begira ni, herenegun, atzo…
Haiei begira ni, gaur, bihar? etzi??”

JON PELI OLEAGA

Laburra:
“BIZITZA SURFEATZEA DA
Bizitza surfeatzea da. Olatuak. Erronkak. Batzuetan, guk erabakiko dugu zein hartu. Maiz, ordea, beraien mende egongo gara. Ezin arautu. Ezin gobernatu. Ezin. Basatiak dira. Ez dute azalpenik ematen. Ikasbiderik, akaso. Gutxien espero duzunean bota egingo zaituzte paretik, tentuz eraikitako bidetik. Berriketa gutxi. Ausardia behar da aurre egiteko. Burua eta bihotzaren arteko lehia. Oreka bilatu. Oinak gogor finkatu. Segi…”

IBAN LAKA ZELAIA

Ana Gonzalez

Ana Gonzalez

2- Ana Gonzalez

Labur-laburra:
“Aniztasunean dago berotasuna. Zenbat kolore, hainbat tamaina, baina forma bakarra: berezkoa.
Gertutasunean elkarrekiko babesak sortutako berotasunean dago gakoa.”

LEIRE SAGASTUME ARRUTI

Laburra:
“Sabela hustu eta zoriona puztu

Egongela huts bati bakardadeak putz

Jaioberriaren ongi-etorria

Da etxe baten udaberria

Puzgarria pizgarria

Arnas berriak dakar kolorea

Globo uholdea

Nigar zotina baita pozaren goldea

Bederatzi hilabetez pozarren gordea;

Familia baten irudi

Globo arroxa, laranja, berde eta zuri

Guraso eta haurraren arteko zubi

Isiltasuna nagusitu dela dirudi

Sehaskaren kulun-kuluna urduri

Etorrera berriak egin gaitu bi.”

AINARA MANCISIDOR SEIN

Andoni Lubaki

Andoni Lubaki

3- Andoni Lubaki

“Argazkilariaren objektiboak bete-betean harrapatu zuen Omar al-Masri gaztea. Oraingoan, ordea, soldadu israeldarrak du ikusmiran. Negarrez urtuko da Omarren ama argazkia eskuetan zimurtuta.”

JOSU DELGADO ROZAS

Laburra:
“Amesten diren botere

hutsak egin nahian bere,

ez du begiratua izan nahi

ezta begiratu ere.

Ingurua zaio ketu.

Oihal bat du babesleku.

Momentura arte debeku dena

Bihurtu nahi du mendeku.

Nahiz izan une estua

urrun dago arriskua,

hemen harria botaz ez baita

izkuta behar eskua.

Eta bota du harria,

(aldez aurretik gorria)

eta harekin batera bere

lehen ta azken irria.

Asegabeko egarria.

Doinua: “Sorterriko koplak”, Mikel Laboa”

MADDALEN MARKAIDA SANTAMARÍA

Asier Mentxaka

Asier Mentxaka

4- Asier Mentxaka

Labur-laburra:
“BAREALDIA.
Eta nire indar guztiekin gordeta nituen negar malkoak urarekin bat egiten ziren bitartean, itsasoaren neurrigabetasunak nire zoritxarra txiki bihurtu zuen.”

ARRATE KORTAZAR BERRIOZABAL

2014ko edizioko testu laburrik onena:

“BEGIRA NABIL.

Begira nabil, begira,

zilarrezko eremu handira,

zein ikaragarria den

udazkenaren distira.

Begira nabil ertzean,

begira triste antzean

hausnartzen zer gordeko den

goiko hodei multzo beltzean.

Begira nabil pentsakor,

ez nabil batere baikor,

eguzki izpiak joanda

ekaitz erraldoia dator.

Begira nabil beldurrez,

eguzki izpien urrez

adeitsu jantzi zen oro

gaur bete baita agurrez.

Begira nabil babesaz,

lehengo esperantza ezaz,

zer geratzen ote zaidan

gazte aroko ametsaz.

Begira nabil barrura,

gainean badut tristura,

berriz ez bainaiz izango

lehengo gazte bizkor hura.

Begira nabil aurrera,

amesti horien antzera,

argiz jantzirik dagoen

agindutako lurrera.”

JOSU GOTZON LANDETA

Endika Martinez

Endika Martinez

5- Endika Martinez

Labur-laburra:
Kalean uso, etxean katu. Batak bestea nahi du akatu.

GALDER GUENAGA GARAI

Laburra:
“Txori txiki, katu maite

Katuak:

Txori txiki, txori maite

Zulotxoan gorde zaitez

Katuk ikusi baitzaitu

Kris kras kris kras

Jango zaitu

Txoriak:

Katu txiki, katu maite

Nahiko tontotuta zaude

Abisatzen badidazu

Flis flas flis flas

Alde eingo dut

Gizakiak:

Txori txiki, katu maite

Krisia jota bagaude

Fusila atera berri dut

Pin Pan Pin Pan

Bi mokadu!”

DIEGO DE ISUSI GARCIA

Gari Bilbao

Gari Bilbao

6- Gari Bilbao

Labur-laburra:
Txikia bere handitasunean, baina handia bere txikitasunean

ENEKO FERNANDEZ ARTIGAS

Laburra:
“SEHASKA, OHE ETA HILOBI

Esan nizun, ez nizun esan bada? Eguna etorriko zela, eta, harekin batera, zure egunak agortuko zirela, eta zure arnasaren azken ahalegin estuetan begira izango ninduzula, eta, nork daki? Agian malkoek ere nire aurpegia bustiko zutela…

Baina ohartarazi ere egin zintudan: ez zuela inork igarriko; malkoak behera joan ahala mareak gora egingo zuela, itsasoak berea duena berreskuratu nahi izango balu bezala. Eta uraren joan-etorri horretan zu eta biok egongo ginela, aurrez aurre, batak besteari ezer esan ezinik.

Itsasoa, gure sehaska, ohe eta hilobi betiko.”

ALEX DE ISUSI GARCIA

Jon Astorquiza

Jon Astorquiza

7- Jon Astorquiza

Labur-laburra:
Ez azukrerik ez kanela-hautsik, bihotzondoko mingotsa goxatuko dienik. Maitale bi, Le Petit Café hutseko erakusleiho parean jarririk. Elkarren bistan. Bakarrik.

MIRENTXU LARRAÑAGA SUESKUN

Laburra:
“BESTE BARIK

Hurrean, maitale bi. Nor bere bakardadean. Elkarren alboan, bakarrik. Hurrean bezain urrun. Abandonuari emanik. Etsiak harturik. Hitzik gaberik. Ixil-ixilik. Ez hitz eta ez pitz. Soilik, hits. Hots: itzalen itzalpean amataturik, ahantzirik, hautsirik, hutsik. Soa auskalo non galdurik, inora ezinean geldirik; galderak amaiturik, seko galdaturik, geldoturik. Bihotz zikoitz bi, zipotz eginik. Nor bere hatsez, bereiz. Arnasots bi. Le Petit Café hutsean, ezintasun betean: elkar ikusi ezin itsuan, entzun ezin gorrean, elkarri hitzik egin ezin mutuan. Sor eta lor. Ez nor eta ez hor. Non inor ez den inoren. Ez elkarren, ez besteren. Ez bada nor bere buruaren. Hori baino ez. Hurrenez hurren.”

MIRENTXU LARRAÑAGA SUESKUN

Mikel Martinez de Trespuentes

Mikel Martinez de Trespuentes

8- Mikel Martinez

2014ko edizioko testu labur-laburrik onena:

“Sirena hotsa. Sireno hotza.
Batzuentzat auzo lotsa,
besteentzat arrotza.
Olatuek moztu dute
artistaren jaiotza.
Itsasoak jarri du indarra,
Herriak bihotza.”

MAITANE NEREKAN UMARAN

Laburra:
“Buenos Airesen sortu zintuen Marcos Lópezek, antiheroia izan zitezen, Copenhageko ‘Itsaslamia’-ren parean edertasunik ez ei duzulako. Baina bazenuen zeregin garrantzitsu bat: edertasun kanon horiek kritikatzea. Gizarte honi makilajea kenduta, geure makurrak erakustea. Halere, adituek ezagutzen ez duten Algortako egunerokotasunean ere laguntzen didazu niri. Gizaki baino ez zarenean, badakit portutik itsasora salto egin dezakedala, haitzekin arduratu barik. Baina arrain buztana erakusten didazunean arriskuaz ohartzen didazula badakit: “”Kontuz harriekin!””. Marcosek ez daki zeure bidea egin duzula Algortan eta bat gehiago zarela. Gutun bat bidali beharko genion, zure berri emanaz. Botilatxo batean sartuta, itsasoak eraman diezaion. Ilusioa egingo dio.”

ANDER EGILUZ BERAMENDI

Victoria Bengoa

Victoria Bengoa

9- Victoria Bengoa

Labur-laburra:
“Ager hakit, maitea:

Orenotan, premian nagokin.

Argizari-bidez,

itzul biziongana,

mintza nakinan, adi hazadan;

elkarrez laketzeko,

antzina lez

(soinez ezin, arimaz).”

AITOR FERNANDEZ DE MARTIKORENA RODRÍGUEZ

Laburra:
“ERRAUSTU ONDOKO SUA

Zazpi izar alderrai eder; erdian, nagusi eguzkia.
Zazpi egun behar izan zituen Jainkoak izarrartea eta gizakia egiteko eta atseden hartzeko.
Zazpi izan ziren Greziako jakintsuak izarrartea eta beren burua ulertu nahi izan zutenak.
Zazpi arte eder eta zazpi musika-nota sortu zituzten bizimodua edertzeko.
Zazpi mirari mundukoak eraiki zituzten Jainkoaren pareko izan nahian.
Zazpi bekatu-buruak egin zituzten harrokeriaren harrokeriaz.
Zazpi metal antzinakoekin gerra piztu eta dena erraustu zuten: mundua, denbora, jakintza, edertasuna, miresmena, erritoak, teknologia.
Zazpi kandela piztu zituen amama Mertxek gaixotu, kandelak ixotu; osatu, kandelak emetau esanez.
Zazpi su horiek dira dirauten bakarrak.

JOSU DELGADO ROZAS

Zurine Unzueta

Zurine Unzueta

10- Zuriñe Unzueta

Labur-laburra:
“Batek jarri zaituela, benetakoa ez zarela; gizakiak sortua eta argazkilari argentinarrak imajinatua besterik ez ei zara; baina ez; existitzen zara! Tamalez, Sireno asko daude. Jakina!”

ARMANDO LLAMOSAS

Laburra:
“Arrainontzi mainontzi

Motor hots negarti

Amets baten arrantzan

Sareak dantzan

Arrainen esperantzan.

Bizitzaren lemazain

Diru gabezia orbain

Ur gazietako arrain

Eskulanaren ordain.

Itsasontzien kulun-kuluna

Ta mutikoaren esku leuna

Oraina eta etorkizuna

Bat egin nahi dituen erresuma

Horixe da itsasoaren urdintasuna

Eta begi pareen gardentasuna.”

AMAIA AGIRRE ARRASTOA