Egur-tailu ikastaroko lagunak / Argazkia: Asier Mentxaka UK aldizkaria

Egur-tailu ikastaroko lagunak

Uk aldizkarian argitaratutako elkarrizketa

Egur-tailu ikastaroa euskaraz ematen ari da Luix Artola Getxon, Egizu elkartearen ekimenez. Astelehen arrastiro elkartzen da taldea Algortako Aldai Patronatuan, eta oraindino garaiz zabiltza parte hartu gura baduzu; maiatzera arte luzatuko da ikastaroa. Artolak egurra lantzea du ogibide. Batez ere, musika tresnak egiten ditu, eta horien artean, bereziki biolinak. Baina ez da erraza egurretik bizitzea: ordu asko lan egin behar du eta salmenta ere ez da erraza. Horregatik eta gustuko duelako, tailuak egiteko ikastaroak ere ematen ditu.

– Egur-lana duzu ogibide?
– Bereziki luthier lana egiten dut: biolinak. Baserrikoa naiz, eta egur zein lanabes artean hazi naiz, betidanik egurra lantzen. Orain dozena bat urte aukeratu nuen egurra ogibide.
– Tresnak egitea ez da oso ohikoa.
– Egur-lanetik pasatu nintzen soinu tresnak egitera. Bilboko musika eskolan badago biolinak egiteko ikasteko eskola, han ikasi nuen. Baina bestelako egur-lanak ere egiten jarraitzen dut, gustuko dut-eta. Tailu ikastaro batzuk ematea suertatu zitzaidan; orain arte Ugaon eman ditut eta Egizuk aurten eskatu dit Algortan emateko: ni pozik.
– Biolinari gero soinu polita ateratzeko, zaila ematen du lan horrek.
– Ez da erraza, baina ofizioa da, eta ofizio bat ikasi egiten da. Egurrak aukera asko ematen du: ez da apaingarri hutsa, soinua ere sor dezake. Lehenik, egur, soinu eta akustikaren fisika ikasten da. Gero hariak, egurra, lodiera, hutsuneak edota tentsioak lotzean, posible da egurrari soinu polita ateratzea.
– Egizuren ikastaroa, ordea, tailuei buruzkoa da, zer ikasiko dute ikasleek?
– Ikasiko dute egurra ezagutzen. Material bakoitzak badauzka bere ezaugarriak, baita egurrak ere; horiek ondo ezagutu behar dira egurragaz gauzak egin ahal izateko: altzariak, musika tresnak edota eskulturak. Lehen egunetik hasi gara egurra zulatzen eta lanabesak ezagutzen; horrela ikusten dira egur mota bakoitzaren erraztasun eta zailtasunak. Ez da dirudien bezain erraza: egurra eta lanabesak ezagutu behar dira, baita beraiekaz lana zelan egin ere. Lantzeko errazenak direnak eta emaitza distiratsuenak lortzen dituzten egurrak dira garestienak, adibidez, gereziondoa; guk haritza, gaztaina edota pagoa erabiliko ditugu. Ezer ez dakienarentzako mundu konplikatua bihurtzen da hasieran, baina poliki-poliki, gauza politak ateratzen dira.
– Beraz, edonork parte har dezake?
– Bai, edonork, baita txikienek ere: behin lanabesak maneiatzeko gaitasuna izanda, hamar edo hamabi urtetik aurrera egurra lan dezakete umeek. Beren sormena adierazteko modua eta eskuakaz sortzeko aukera topatuko dute ikasleek. Gainera, egurrak badu zerbait berezia: goxoa da, polita, epela; eta emaitza oso gustagarriak sortzen ditu.
– Zer bilatzen dute, ogibidea?
– Ez, normalean ez dut topatu ogibide bila datorrenik; baina izan liteke, bakoitzaren trebezia eta gaitasunaren arabera, zergatik ez? Dena dela, normalean zerbait polita egiteagatik etortzen dira, baita denbora pasatzeko ere.

205. UK aldizkarian argitaratutako elkarrizketa. 2011ko azaroaren 24a